Zer egiten dugu?

30/2015 Legean, irailaren 9koan (Lan-arloko Enplegurako Lanbide-heziketaren Sistema arautzen duena), eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako eginkizunak garatzen ditugu. Estatuko Fundazioaren xedeen arabera jarduten dugu; Estatutuetan (8. art.) daude zehaztuta xedeok.

Enpresa eta langileei gaitasunak hobetzen laguntzea da gure helburua, lan-merkatuko eta ekoizpen-sektoreetako aldaketei aurre egin diezaieten kalitateko prestakuntzaren bidez.

Enpresek programatutako prestakuntzara bideratutako funtsak kudeatzen ditugu; hobarien bitartez burutu ahal izango dute prestakuntza, Gizarte Segurantzarako kotizazioetan. Langile guztiek (aktibo zein langabe) doako eta kalitateko prestakuntza jasotzeko aukera ematen dugu, diru-laguntzen bidez.

    • Enpresek programatutako prestakuntza-ekimena eta prestakuntzako banakako baimenak.

      Estatuko Fundazioa (FUNDAE)

      Prestakuntza enpresetan

      Enpresek programatutako prestakuntzari esker, kreditu jakin bat dute haiek guztiek beren langileak trebatzeko. Gizarte Segurantzarako hobariak aplikatuz burutzen da kreditu hori.

      Enpresa bakoitzak planifikatu eta gara ditzake prestakuntza-ekintzak, edo erakunde antolatzaile bati agindu diezaioke lan hori. Edozelan ere, langileen gaitasun-beharrak ase behar dituzte ekintzok, eta enpresaren jarduerari lotuta egon behar dute.

      Bestalde, langileen legezko ordezkaritzaren informaziorako eta kontsultarako eskubidea errespetatu behar da.

      Enpresa eta langileen kotizazioetan enpresaren langile kopuruaren araberako ehunekoak aplikatuz kalkulatzen da aipatu kredituaren zenbatekoa, Estatuko Aurrekontu Orokorren legeak urtero argitaratzen duenari jarraikiz. Fundazioak simulagailua jartzen du enpresen zerbitzura, dagokien kreditua kalkulatze aldera.

      Sistemak bereziki laguntzen die ETE-ei, hainbat modutara:

      • Zenbat eta txikiagoa enpresa, orduan eta handiagoa kreditua kalkulatzeko ehunekoa.
      • Bost langile baino gehiago dituzten enpresek batera finantzatu behar dute prestakuntza; bost langiletik beherakoek, berriz, ez dute baterako finantziaziorik egin behar.
      • Gutxieneko kreditua ematen da, urtero legez zehaztutakoa; orain, 420 €-koa da urteko.

      Honela funtzionatzen dute prestakuntzako banakako baimenek (PIF): enpresak baimena ematen dio langileari aurrez aurreko prestakuntza-ekintza bat egiteko, bere garapen profesional eta pertsonala sustatze aldera; oro har, luzeak izaten dira prestakuntzok, eta titulazio edo egiaztagiri ofizialak aitortu behar ditu, baita lanbide-heziketako tituluei eta profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkienak ere.

      Lan-esperientzia ebaluatu eta egiaztatzeko nahiz beste ikaskuntza informal edo ez-formal batzuen prozesuetan sartzeko ere eman ahal izango da baimen hori. Hala ere, PIF ezingo da erabili enpresariarentzat nahitaezkoa den prestakuntzarako.

      PIFen bidez, hobaria eman ahal izango da lanorduei (langileak prestakuntzan igarotzen duen eskola- eta lekualdatze-denbora) dagozkien soldata-kostuengatik, enpresak duen kredituaren arabera.

      Eskaintzako prestakuntza-ekimena.

      Ekimen honen helburua da langileei prestakuntza osagarria edo enpresak programatutako prestakuntzak asetzen ez duena eskaintzea. Ekoizpen-sistemako aldaketetara moldatzeko beharrizanak nahiz langileen beraien lanbide-sustapeneko eta garapen pertsonaleko premiak asebete behar ditu prestakuntza horrek.

      Estatuko Fundazioa (FUNDAE)

      Eskaintzako prestakuntza

      Kasuan kasuko arlo edo sektoreetako enpresa- eta sindikatu-erakunderik adierazgarrienek (sektoreko egitura paritarioen bidez) eta autonomoak zein gizarte-ekonomia ordezkatzen dituzten sektore arteko erakundeek hartzen dute parte beharrak antzematen, baita eskaintza diseinatu eta programatzen ere.

      Estatuko eskaintzako prestakuntza-planetan gauzatzen da ekimena. Batik bat, lanean dauden pertsonentzat dira plan horiek, eta diru-laguntza publikoekin finantzatzen dira, behar bezala ziurtatu eta erregistratutako prestakuntza-zentro eta -erakundeen arteko norgehiagoka erregimenean.

      SEPEren prestakuntza-espezialitateen katalogoan egon beharko dute prestakuntza-ekintzek, besteak beste, profesionaltasun-ziurtagiriek. Bi programa motatan garatu beharko dira:

      • Sektoreko prestakuntza-programak.
      • Zeharkako prestakuntza-programak.
      •  

    • Estatuko Fundazioa (FUNDAE)

      Segimendua eta kontrola

      Prestakuntza-ekimenek beren xedea betetzen dutela bermatzearren, segimendua egitea ezartzen du araudiak, hala nola baldintzak eta formalitateak egiaztatzea edota prestakuntzaren emaitzak ebaluatzea. Horretarako, segimendu- eta kontrol-planak prestatzen ditu SEPEk urtero prestakuntza-ekimenetarako; horrez gain, helburuak eta jarduketak proposatzen ditu Laneko eta Gizarte-segurantzako Ikuskatzailetzarekin batera.

      Fundazioak laguntza teknikoa ematen du planak garatzeko; izan ere, laguntza teknikoa ematen dio Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari plana prestatzeko, koordinatzeko eta gauzatzeko.

      Bi ardatzen inguruan egituratzen da segimendua:

       

      • Egindako prestakuntza eta ekintzak ematen dituzten zentro eta erakundeak hobetzea, hurrengo programazio edo deialdietan erants daitezkeen hobetzeko alderdiak eta jardunbide egokiak antzemate aldera. Segimendua egingo zaio profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntzari, ekintzetan parte hartzen duten langileei ziurtagiriak behar bezala igortzearren.
      • Arrisku-arloak edo gorabehera administratibo zein ekonomikoak eragin ditzaketen jardunbideak identifikatzea. Kasu honetan, Laneko eta Gizarte-segurantzako Ikuskatzailetzari dagokionez, hura arduratzen baita gizarte-arauak betetzen direla zaintzeaz.
    • Estatuko Fundazioa (FUNDAE)

      Emaitzak eta kalitatea ebaluatzea eta prestakuntza-ekintzak ebaluatzea

      Aldizka eta sistematikoki ebaluatzen ditu Fundaek berak kudeatutako Enplegurako Lanbide Heziketako Sistemaren ekimenen emaitzak eta kalitatea.

      Fundaek, orobat, enplegurako lanbide-heziketako sistemaren kalitatea, eragina, eraginkortasuna eta efizientzia ebaluatzeko urteko planaren (PAE) talde teknikoaren jardueretan hartzen du parte. SEPEk koordinatzen du plan hori, autonomia-erkidegoetako erakundeekin eta gizarte-eragileekin elkarlanean.

      Halaber, parte-hartzaileak egindako prestakuntzarekin pozik dauden (eta zenbateraino) neurtzen du Fundazioak sistematikoki: Jasotako prestakuntzaren kalitatea ebaluatzen dute Enplegurako Prestakuntza Sistemak finantzatutako prestakuntza-ekintzetako partaide guztiek, galdeketa baten bidez eta ikastaroa amaitutakoan. Hainbat alderdi aztertzen ditu galdeketak, ikastaroaren antolaketa eta edukiak, hezitzaileak eta baliabide teknikoak eta didaktikoak, adibidez; hala, prestakuntzaren balorazio orokorra egiten dute parte-hartzaileek.

    • Komunikazio-jarduerak.

      Fundaeren jardueretako bat da sistema eta lanbide-heziketaren kultura zabaltzeko balio duten komunikazio-ekintzak garatzea enpresen eta langileen artean lan-bizitzan zehar. Horretarako, webgune korporatiboa mantentzen da, sistemaren informazioa zentralizatzeko eta, gainera, sistemaren ekimenetan sartzeko.

      Estatuko Fundazioa (FUNDAE)

      Fundaek, bestalde, profil ugari kudeatzen ditu gizarte-sare nagusietan, Twitter, Facebook eta Linkedin-en, esaterako, eta jarraitzaileen komunitateari eusten dio prestakuntza eta lan-merkatuarekin loturiko datu garrantzitsuak argitaratuz. Horrez gain, YouTube-ko kanala du, non prestakuntza-ekimeni buruzko informazioaren, tutorialen eta erakundeak berak parte hartzen duen ekitaldietako erreportajeen bideoak igotzen baititu.

      Bestelako hedatze-ekintzak ere egiten ditu Fundaek; adibidez, iragarkiak egiten ditu komunikabideetan eta interneten, eta enpleguan nahiz prestakuntzan espezializatutako foro edo azoketan parte hartzen du.

      Blog korporatiboa da enpleguan prestatzeko sistemari buruzko ezagutzak edo nobedadeak zabaltzeko beste tresna bat.

      Erakunde-jarduerak.

      Estatuko Fundazioa (FUNDAE)

      Erakunde-jarduera ugari egiten ditu Fundaek urtero, prestakuntzako elkarte, erakunde eta zentroen artean ekimenak ezagutzera emate aldera.

      Bestalde, enplegurako prestakuntzako erreferentzia-erakundea denez, zerikusia duten ekitaldietan agertzea eskatzen dute hainbat erakunde publikok edo profesionalek, nazional, eskualdeko nahiz tokikoek.

      Besteak beste, enpresa- eta sindikatu-erakunde, elkarte, unibertsitate, merkataritza-ganbera eta prestakuntza-zentroekin aritzen da elkarlanean Fundae, prestakuntza-ekimenak zabaltzeko, aldaketen berri emateko eta erakundeokin lankidetza-ildo berriak ezartzeko xedez.

      Nazioarteko jarduerak.

      Estatuko Fundazioa (FUNDAE)

      Ikerketa, harremana, elkarlana eta prestakuntza-sistema hedatzea sustatzen ditu Fundaek nazioartean.

      Nazioarteko jarduerak lan-bizitzan zeharreko prestakuntzari loturiko teknika, modelo, ezagutza, esperientzia edo jardunbide egokiak trukatzen ditu beste herrialde batzuekin.

      Horregatik, aldizka parte partzen du Fundaek Iberoamerikako herrialdeetako mintegi eta jardueretan, OIT/Cinterfor erakundearekiko lankidetza-esparruan. Europako eta Asiako herrialdeekin ere programatzen ditu trukerako jarduerak edo mintegiak, erakunde-elkarlanerako loturak ezartzearren.